RIP

Taldea Arrasaten jaio zen 1981ean. Garai hartako partaideak Jul (gitarra), Txerra (bateria), Portu (baxua) eta Mallabi (ahotsa) izan ziren. Hasiera batean Doble Cero izan zen taldearen izena.

Denbora gutxira Mallabi soldadutza egitera joan behar izan zuen. Hori ez zetorren taldearen jarrera anti-militaristarekin bat, eta beste partaideek beste abeslari bat bilatzea erabaki zuten. Karlos “Mahoma”, ordu arte taldearentzat furgonetako gidari-lanean zebilena, hartu zuten ordezko abeslari, baita taldearen izenaren aldatu ere, handik aurrera RIP taldea izatera pasa baitzen.

Kontzertu ugari jotzeko aukera izan zuten hasieratik, beste talde askorekin batera: Cicatriz, Eskorbuto, Kortatu, La Polla Records, MCD… Kontzertuotan, barruan gordeta zeukaten desadostasuna eta amorrua kanporatzen zuten. Kantuen hitzetan arau guztiak hausteko zeukaten gogoa islatzen zen: Kaos abestia zen horren adibiderik adierazgarriena.

1984. urtean, Spansuls diskoetxeak argitaratu zien lehen diskoa: Zona Especial Norte EPa, Eskorbutorekin erdibana. Aurrerago, 1987an, No te muevas LPa kaleratu zuten, Basati Diskaken eskutik.

Horren ondoren, denboraldi luze batez ez zen askotxorik jakin taldeaz, baina 1994an HIESaren aurka laguntzeko kontzertu baterako bildu ziren. Kontzertua grabatu egin zen eta 1995ean HIESari aurre egiten diskoa argitaratu zuen Esan Ozenkik. RIPen abestiez gain, talde ingeles batzuen bertsioak ere daude: haietako bat Mondra kantua da, Liverpool futbol taldearen ereserkiaren moldaketa bat. Beste bertsio ezagun bat Angelic Upstartsen “Victory” abestia da.