NEGU GORRIAK
1990eko otsaila. “Argia” astekariko “Hau ez da gezurra” zutabean Fermin Muguruzak iragarri zuen esku artean proiektu berri bat zuela eta lehen diskoa grabatzear zegoela. Iñigo anaiarekin eta Trekurekin batera Kortatu taldearen aroa amaitu eta gero, Muguruztar biek eta M-ak taldeko eta azken zuzenekoetan Kortatuko laugarren kide zen Kike Arkarazok musika-bidaia berri bati ekin zioten: Negu Gorriak.
Mikel Laboaren omenaldian parte hartu eta gero, luze itxaron gabe kalean zen Negu Gorriak. Estreinaldiak oinarrizko soinu ildoak ezarri zituen: rapa eta rocka, eta diskurtso berriztatua. “Radio Rahim” aurkezpen txartel ezin hobea izan zen.
Urte hartan, taldearen sortzeaz batera, mugarri izan zena heltzeko zegoen. Abenduaren 29an Herrera de la Manchako espetxerako urteko martxarekin bat egin zuen taldeak. Han zuzenean ez jotzeko aldia eten zuten. 10.000 pertsonarekin batera, amorrua, berotasuna eta indarra zabaldu zuten kartzela espainiarreko hormen aurka. Egun lainotsua izan zen, hotza, bizia, handia. Hirukotea laukote bihurtu zen: “Anestesia”-ko Mikel Kazalis baxu joleak sutsuki jo zuen. – NEGU GORRIAK