PINTXATU
PINTXATU: abestietan oinarritutako pintxoen errezetekin osatutako liburu eta CD-a « A ze polisemia aberatsa! Esanahi anitzetako hitza dugu « Pintxatu »: (1) DJarena egin, musika jarri giza-egoera batean edo (2) pintxoak jan. Gehiago esango dugu, (3) estimulatu, piztu, animatu, bultzatu… edo zergatik ez (4) zirikatu, probokatu, gogaitu.
Eta orain, « Pintxatu » sinergia ezin gozoago baten adierazle dugu: taldeak, instrumentistak, MC-ak, ekoizleak, gastronomia-sortzaileak, diseinatzaileak, argazkilariak… uste baino lotuago dauden mundu hauetako partaideek musika beltza eta sukaldaritza batzen dituen ospakizun honetan bat egiten dute. » Horrela hasten da Diego Manriquek Pintxatu-rentzako idatzitako hitzaurrea. Bertan, musikari guzti hauen abestietan oinarritutako pintxoen errezetak topa ditzakegu: Zion Train, Make & P3Z, Chalart 58, Mungo..s HIFI, Kamikaze, Daddy Jeff, Euskal Tropela, Makala, Rude, Domesticjazzcollective, Rob Smith, Safaa Arapiyat, Fermin Muguruza, Elphomega, Rasca y Pica & Tom Tom Makuts, Krak in DUB, Selector Matanzas, Rude & BAD Sound System, Sorkun eta Etienne Larsen. Pintxatu bi plater mota desberdinen topaketaren emaitza edo, hobe esanda, « clash » baten emaitza da. Jaterako platerrek eta musika pintxatzeko platerrek talka egiten dute Donostiako Alde Zaharreko « A Fuego Negro » jatetxeko sukaldarien eta Fermin Muguruza poliedrikoaren gidaritzapean.
Talka honen ondorioz, Muguruzak musikari, DJ eta ekoizleek osaturiko « Irun, Lion Zion » nazioarteko sarea berpizteko konpromisoa hartzen du, eta abestien aukeraketaz arduratzen da. Bitartean, « A Fuego Negro »-ko sukaldari berritzaileek pintxoen errezetak sortzeari ekingo diote. Alex Iturralde platerren argazkietaz arduratuko da eta David Navascues diseinatzaileak proposamen bakoitzaren indar kreatiboa isladatuko duten ilustrazioak sortuko ditu.
Lan honen emaitza, 19 pintxoen errezetak (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez), ilustrazioak eta argazkiak jasotzen dituen 100 orrialdetako kolorezko liburua eta inspirazio iturri gisa erabilitako 19 abestiak biltzen dituen CD-a da.
« Talka Records » eta « A Fuego Negro »-k ekoiztuta eta argitaratuta, PINTXATU, gastronomia eta musika manuala, azaroaren 27an gozatzeko puntuan izango da, DJ-en trebezia eta ahosabaiaren gozamena eskutik joango diren sesioetan erabiltzeko tresna ezin egokiagoa. Pintxoak eta « pintxak » bateginik!