1. Fermin Muguruza
    Irun meets Bristol

    Irun meets Bristol


  2. M018CD CD

    Irunek Bristol ezagutu du. Metakek Bristol ezagutu du eta Ferminek eta Martin Mantxok elkar ezagutu dute. Euskarak reggaea aspaldi ezagutu zuen eta euskarak drum & bass-a, dub-a eta erremixak ezagutu ditu. Bristolgo musikariek euskara eta Basque Country-a ezagutu berri dute. Musika, komunikaziorako tresna ezin hobea da eta sentimenduen eta sensazioen hizkuntz honek ez du mugarik. "Sentitzen duenak ezagutzen du" dio esaera zaharrak. Urtebeteko lan gogorraren emaitza da "Irun meets Bristol" diskoa, Mumia Abu-Jamalen aldeko diskoarekin hasitako urteetako komunikazioaren emaitza. Bederatzi urte dira Martin Mantxok Euskal Herria utzi eta Bristol-en bizitzen, lan egiten, sentitzen eta borrokan ari dela. Kebele Kulture Project egitasmoaren bidez giza duintasunaren alde egiten du; drogen legalizazioaren alde, presoekiko elkartasuna adierazten, okupazio mugimenduak bultzatzen, Afganistan eta Irakeko guden aurka eta beste elkartasun adierazpide askorekin batera, Euskal Herriko egoeraren berri ematen du. Bide horretan emandako aurrerapauso berria da diska hau. BRISTOL SOINUA Bristolek ez du soinurik. Bristolek historia du, kaleak ditu, etxeak, bizilagunak, etorkinak, langabetuak, musikariak, droga, polizia... Bristol kostako herria da, jentilen eta erromatarren herria, gizakien salerosketarekin, Irlandesak lehendabizi eta beltz afrikarrak ondoren, aberastutako herria. Bristolgo bizilagun batzuk salerosketa horrekin aberastutako sendien ondorengo dira eta beste asko, Karibeko kolonietatik iritsitako etorkinen afrikar sustraiak dituzte. Bristolgo musikari batzuk reggae, dub, punk, drum & bass eta rap doinuak maite dituzte eta sound systemetan, maite dutena, nahastu eta lau haizeetara zabaltzen dute. Bristol, Fermin Muguruzaren "In-Komunikazio" diskako kantuak erremixatu dituzten musikari batzuen bizileku da baina ez besteena. Berdin dio. Doinu batzuekiko maitasuna konpartitzen dute, baita musika eta bizitza ulertzeko modua ere. Zion Train-eko Neil Perch ez da Bristolen bizi. Berdin dio. Diskoan parte hartu duten guztiei bezala, reggae-a gustatzen zaio, drum & bass, dub, techno, hip-hop eta izen arrarodun beste hainbat estilo ere. Festak eta sound systemak maite dituzte. Universal Egg izeneko disketxea dute eta gustoko duten musika kaleratzen dute, loturarik gabe. Musika egiten dute eta musikaren bidez mezuak zabaltzen dituzte. Fanzinea dute, komunikabideen ez-informazioaren kontra. Gauzak aldatu nahi dituzte, pausoak eman eta aurrera egin. Hori da komunikazio proiektu honetan parte hartu duten guztiek amankomunean dutena eta hori da, haien arteko komunikazioa aberatsa eta emankorra izatea egin duena. Euskal Herriak komunikatzeko beharra du. Euskal Herrian egindako musikak komunikatzeko beharra du. Eman eta jaso. Aberastu eta bidea egin. Pauso haundi bat eman da... Euskaldunon Egunkaria berreskuratzeko bidean. Zorionak.

    ARITZ SOUND SYSTEM

    01 Neil Perch (Zion Train): In-komunikazioa
    02 Rob Smith (Smith&Mighty): Armagideon tenoreko aztarnak
    03 U-Cef: Hasperena
    04 Peter (More Rockers): Leonard Peltier Free!
    05 Alpha&Omega: Beti izango dugu Bilbao (Bilabao Dub)
    06 Flynn&Flora: Lingua Navarrorum Museum
    07 DJ Parasit: Bidartean
    09 Fun'da'mental: Hiri debekatura bidai xartela
    10 Blue&Red: Armagideon tenoreko aztarnak
    11 Insiders: Bidartean
    12 Alikat: Beti izango dugu Bilbao
    13 Armagideon: Leonard Peltier free!
    14 Dr Sativa: Linguae Navarrorun Museum
    15 Blue&Red: Armagideon: Leonard Peltier free!

TWITTER
BIDEO

No more tour (trailer)